COVID-19ak sortutako osasun-krisiak gure bizitzako ohitura asko aldatzera behartu gaitu. Ohitura-aldaketa horiek Eguneko Zentroko erabiltzaileen objektu pertsonalen kudeaketan ere txertatu behar izan dira.
Gipuzkoako egoitza nagusia Donostian dago, baina herri guztietara zabaldu nahi dituzte zerbitzuak. Legazpin talde bat osatu nahi dute eta tailerrak edo hitzaldiak eskaini
Bularreko minbizia eta
minbizi ginekologikoa dutenen edo izan dutenen alde lan egiten duen
Katxalin elkarteak informazio eta diru bilketa postua jarri zuen joan
den ostiralean parrokiko arkupeetan, azoka eguna baliatuz, eta oso
harrera ona jaso zuen legazpiarren aldetik. Minbizi mota horien aurkako
borrokaren ikur bihurtu den arrosa koloreko globoz apaindutako txokoan,
loteria eta poltsaz eta maskaraz osatutako kitak zituzten salgai,
elkartearen baitan antolatzen diren tailerretan egindako eskulanak
erakusgai jarri zituzten, dirua biltzeko itsulapikoak ere mahai gainean
jarrita zituzten xingola arrosen ondoan, eta horren guztiaren arduradun,
boluntario talde bat zegoen.
Urtero garai honetan, bularreko minbiziaren aurkako egunaren inguruan
Katxalinek egiten duen diru biltze kanpainaren barruan kokatzen da
ekintza hori, baina, aldi berean, Legazpin elkartea aurkezteko ere balio
izan du, herrian lanean hasteko prest dagoelako.
Terapia tailerrak
Maite Valle zen Katxalinek Legazpira bidalitako ordezkaritzaren buru;
elkarteko idazkaria da eta Debagoienako arduraduna. Katxalinen
Gipuzkoako egoitza nagusia Donostian badago ere, Ordizian eta Bergaran
delegaritza bana ditu, eta orain herri guztietara iristea nahi dute,
eskaintzen dituzten zerbitzuak eskuragarriago egon daitezen.
Zerbitzu horien artean terapia tailerrak daude, eta elkarteak udalarekin
hasi duen lankidetzari esker, Legazpin ere laster jarriko dira martxan.
Vallek dioenez, «minbizian zehar egiten den bidean laguntasuna ematea»
da tailerren helburua, familiatik kanpoko babesa ematea. Tailerretan
elkartu eta ebakuntza egin berria dutenei ematen zaien oihalezko
bihotzak edo minbizia duten haurrentzako panpinak bezalako eskulanak
egiten dituzte, eta horrez gain, «barre egiten dugu, ez dakigunaz
galdetzen dugu… elkarri babesa ematen diogu», dio Vallek.
Psikologia zerbitzua ere eskaintzen du Katxalinek, «pandemiaren garai
hauetan telefonoz bada ere». Jarduera gehiago ere burutzen dituzte,
«hitzaldiak eta yoga tailerrak, Bergaran talde bat dugu paseatzera
joateko, nordic walking egiten dugu…».
Legazpiko kontaktua
Ana Martini esker iritsi da Katxalin Legazpira. Minbiziarekin lotutako
historia da berea; senarra hil zitzaion lehenik gaixotasun horrekin, eta
berak ere izan zuen. «Nik bakarrik igaro nuen prozesua… eta Katxalinen
berri izan nuenean, besteei laguntzeko nik neuk zerbait egin behar nuela
sentitu nuen». Legazpin talde bat osatzea nahi du, egoera horretan
daudenei babesa emango dion taldea, «bakarrik baino, hobe da norbaitekin
igarotzea minbiziaren prozesua».
Tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, ariketa fisikoa taldean egiteko
hitzorduak… hori guztia martxan jarri nahi du Martinek herrian
Katxalinen babesean. Bide horretan lagundu nahi dionak, edo Katxalinen
elkartearen laguntza jaso nahi duenak, 656 733 659 zenbakira deitu
besterik ez du egin behar.
46 ditu Manoli Sierra bergararrak, eta martxoaren 13an diagnostikatu zioten bularreko minbizia, pandemiaren hasiera betean. Kimioterapia bukatu berri du, ordea, eta "oso indartsu" sentitzen da orain. Halaber, "emozioz" bizi izan du Bularreko Minbiziaren Kontrako Nazioarteko Egun hau.
Noiz hasi zen guztia?
Martxoaren 13an diagnostikatu zidaten bularreko minbizia. Aurrez, koskor bat nabaritu nuen, eta ginekologoarengana joatea erabaki nuen. Segidan diagnostikatu zidaten minbizia, argi eta garbi ikusten baitzen tumore gaiztoa zela. Orduan, askotariko probak egin zizkidaten, biopsia eta abar, eta apirilaren 21ean egin zidaten ebakuntza. Gero, maiatzaren 13an hasi nintzen kimioterapiarekin. Duela bi aste bukatu dut tratamendua, eta oso ondo nago, oso indartsu. Hala ere, oraindik radioarekin hasi behar naiz, azaroaren 9an, eta hiru astez hartu beharko dut. Horrez gain, anti-gorputzak eta bestelakoak ere bai. Guztia amaitzeko eta hemendik irteteko gogotsu nago.
Nola hartu zenuen albistea? Pandemiaren hasiera-hasiera zen, gainera.
Imajinatu… Oso gogorra izan zen hasiera. Nire familian inork ez du bularreko minbizirik izan, eta nik ez nuke sekulako imajinatuko hau pasatu beharko nuenik. Gainera, konfinatu egin gintuzten eta ni nire bi seme-alabekin eta senarrarekin nengoen etxean. Horrek indartu egin gintuen, denbora asko pasa genuen elkarrekin. Hori bai, familiaren falta sentitu nuen, izan ere, horrelako albisteak aurrez aurre ematea da egokiena, besarkatu eta kontsolatu ahal izateko. Okerrena nire gurasoena izan zen, haiek ezin ikusi ahal izatea. Hala ere, ebakuntza egin zidatenean, pisu handia kendu nuen gainetik eta familia ere lasaitu egin zen.
Eta, nola bizi duzu gaurkoa moduko egun bat?
Emozio eta sentimendu askorekin, gaixotasun hau daukadanetik, lehena baita. Hunkituta nago, batetik, ikusten dudalako nola jendeak eta elkarteek laguntzen eta babesten gaituzten, eta bestetik, pasatu dudan guztia etortzen zaidalako burura, izan ere, sufritu egin behar izan dut bide honetan. Hala ere, pozik nago, mendiaren gailurrera iritsi naizelako. Orain jaistea dagokit, eta azkar, gainera.
Ze iritzi duzu Katxalin moduko elkarteek egiten duten lanaz?
Ezingo genuke aurrera egin haiek barik. Asko babesten gaituzte eta hori izugarri eskertzen diet. Pandemiaren ondorioz, ezin izan ditugu ekintzak guztiak egin, baina beti egon izan dira hor, eta oso garrantzitsuak izan dira nire errekuperazio prozesuan. Osatzen naizenean ere, ez dugu harremana galduko, ziur nago.
Zer esango zenioke bularreko minbiziari aurre egiten ari den horri?
Errusiar mendi bat da gaixotasuna. Egun batzuetan ondo egon arren, beste batzuetan gaizki zaude. Baina, batez ere, bukaerara iristeko gogoak izatea garrantzitsua da, osatuko zarela pentsatzea eta ingurukoen babesaz disfrutatzea. Pertsonen giza-balioa agerian uzten du, eta jasotzen duzun laguntza eta babes guztia aintzat hartzekoa da. Horrekin geratu behar gara.
Zerbait gehitzerik gurako zenuke?
Eskerrak eman gura dizkiet familiari eta lagundu didaten pertsona guztiei, Katxalin elkarteari ere, eta baita mediku guztiei ere. Tratu berezia dute gurekin, maitasun handiz hartzen gaituzte eta hori funtsezkoa da minbizia duen batentzat.
19/10/2020 EITB.EUS
HONELA EGIN DIOGU HARRERA EGUN BEREZI HONI.
MILA ESKER DENOI !!