2020-11-22
GURE LAGUNTZAILEAK
Katxalin elkartea, bularreko minbizia dutenen alde Legazpin lan egiteko prest
Gipuzkoako egoitza nagusia Donostian dago, baina herri guztietara zabaldu nahi dituzte zerbitzuak. Legazpin talde bat osatu nahi dute eta tailerrak edo hitzaldiak eskaini
Bularreko minbizia eta
minbizi ginekologikoa dutenen edo izan dutenen alde lan egiten duen
Katxalin elkarteak informazio eta diru bilketa postua jarri zuen joan
den ostiralean parrokiko arkupeetan, azoka eguna baliatuz, eta oso
harrera ona jaso zuen legazpiarren aldetik. Minbizi mota horien aurkako
borrokaren ikur bihurtu den arrosa koloreko globoz apaindutako txokoan,
loteria eta poltsaz eta maskaraz osatutako kitak zituzten salgai,
elkartearen baitan antolatzen diren tailerretan egindako eskulanak
erakusgai jarri zituzten, dirua biltzeko itsulapikoak ere mahai gainean
jarrita zituzten xingola arrosen ondoan, eta horren guztiaren arduradun,
boluntario talde bat zegoen.
Urtero garai honetan, bularreko minbiziaren aurkako egunaren inguruan
Katxalinek egiten duen diru biltze kanpainaren barruan kokatzen da
ekintza hori, baina, aldi berean, Legazpin elkartea aurkezteko ere balio
izan du, herrian lanean hasteko prest dagoelako.
Terapia tailerrak
Maite Valle zen Katxalinek Legazpira bidalitako ordezkaritzaren buru;
elkarteko idazkaria da eta Debagoienako arduraduna. Katxalinen
Gipuzkoako egoitza nagusia Donostian badago ere, Ordizian eta Bergaran
delegaritza bana ditu, eta orain herri guztietara iristea nahi dute,
eskaintzen dituzten zerbitzuak eskuragarriago egon daitezen.
Zerbitzu horien artean terapia tailerrak daude, eta elkarteak udalarekin
hasi duen lankidetzari esker, Legazpin ere laster jarriko dira martxan.
Vallek dioenez, «minbizian zehar egiten den bidean laguntasuna ematea»
da tailerren helburua, familiatik kanpoko babesa ematea. Tailerretan
elkartu eta ebakuntza egin berria dutenei ematen zaien oihalezko
bihotzak edo minbizia duten haurrentzako panpinak bezalako eskulanak
egiten dituzte, eta horrez gain, «barre egiten dugu, ez dakigunaz
galdetzen dugu… elkarri babesa ematen diogu», dio Vallek.
Psikologia zerbitzua ere eskaintzen du Katxalinek, «pandemiaren garai
hauetan telefonoz bada ere». Jarduera gehiago ere burutzen dituzte,
«hitzaldiak eta yoga tailerrak, Bergaran talde bat dugu paseatzera
joateko, nordic walking egiten dugu…».
Legazpiko kontaktua
Ana Martini esker iritsi da Katxalin Legazpira. Minbiziarekin lotutako
historia da berea; senarra hil zitzaion lehenik gaixotasun horrekin, eta
berak ere izan zuen. «Nik bakarrik igaro nuen prozesua… eta Katxalinen
berri izan nuenean, besteei laguntzeko nik neuk zerbait egin behar nuela
sentitu nuen». Legazpin talde bat osatzea nahi du, egoera horretan
daudenei babesa emango dion taldea, «bakarrik baino, hobe da norbaitekin
igarotzea minbiziaren prozesua».
Tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, ariketa fisikoa taldean egiteko
hitzorduak… hori guztia martxan jarri nahi du Martinek herrian
Katxalinen babesean. Bide horretan lagundu nahi dionak, edo Katxalinen
elkartearen laguntza jaso nahi duenak, 656 733 659 zenbakira deitu
besterik ez du egin behar.