2020-11-22

"BERBAGAI" EGUNKARIA KATXALIN ELKARTEKIDEKO MAITE VALLEAREKIN

 


GURE LAGUNTZAILEAK

ELKARTE EZBERDINAK KATXALINEN ALDE LAN EGITEN DUTE EGUN HAUETAN. DONAZIO EZBERDINEKIN GURE BORROKAN PARTE HARTUZ AZLATZEN DIRA, HORIEN ARTEAN XARMANKI EDERGINTZA ENPRESARIAK ETA ESTYLO ILEAPANTZAILEENA

EGINDAKO POSTULAZIOARI ESKER GURE BORROKAK ETORKIZUNA DU.

 MILA ESKER POSTULAZIOAN LAGUNDU DIGUTEN HERRITAR GUZTIEI!








GURE UDALEN BABESA

 

Katxalin elkartea, bularreko minbizia dutenen alde Legazpin lan egiteko prest

 

Gipuzkoako egoitza nagusia Donostian dago, baina herri guztietara zabaldu nahi dituzte zerbitzuak. Legazpin talde bat osatu nahi dute eta tailerrak edo hitzaldiak eskaini

Bularreko minbizia eta minbizi ginekologikoa dutenen edo izan dutenen alde lan egiten duen Katxalin elkarteak informazio eta diru bilketa postua jarri zuen joan den ostiralean parrokiko arkupeetan, azoka eguna baliatuz, eta oso harrera ona jaso zuen legazpiarren aldetik. Minbizi mota horien aurkako borrokaren ikur bihurtu den arrosa koloreko globoz apaindutako txokoan, loteria eta poltsaz eta maskaraz osatutako kitak zituzten salgai, elkartearen baitan antolatzen diren tailerretan egindako eskulanak erakusgai jarri zituzten, dirua biltzeko itsulapikoak ere mahai gainean jarrita zituzten xingola arrosen ondoan, eta horren guztiaren arduradun, boluntario talde bat zegoen.

Urtero garai honetan, bularreko minbiziaren aurkako egunaren inguruan Katxalinek egiten duen diru biltze kanpainaren barruan kokatzen da ekintza hori, baina, aldi berean, Legazpin elkartea aurkezteko ere balio izan du, herrian lanean hasteko prest dagoelako.

Terapia tailerrak

Maite Valle zen Katxalinek Legazpira bidalitako ordezkaritzaren buru; elkarteko idazkaria da eta Debagoienako arduraduna. Katxalinen Gipuzkoako egoitza nagusia Donostian badago ere, Ordizian eta Bergaran delegaritza bana ditu, eta orain herri guztietara iristea nahi dute, eskaintzen dituzten zerbitzuak eskuragarriago egon daitezen.

Zerbitzu horien artean terapia tailerrak daude, eta elkarteak udalarekin hasi duen lankidetzari esker, Legazpin ere laster jarriko dira martxan. Vallek dioenez, «minbizian zehar egiten den bidean laguntasuna ematea» da tailerren helburua, familiatik kanpoko babesa ematea. Tailerretan elkartu eta ebakuntza egin berria dutenei ematen zaien oihalezko bihotzak edo minbizia duten haurrentzako panpinak bezalako eskulanak egiten dituzte, eta horrez gain, «barre egiten dugu, ez dakigunaz galdetzen dugu… elkarri babesa ematen diogu», dio Vallek.

Psikologia zerbitzua ere eskaintzen du Katxalinek, «pandemiaren garai hauetan telefonoz bada ere». Jarduera gehiago ere burutzen dituzte, «hitzaldiak eta yoga tailerrak, Bergaran talde bat dugu paseatzera joateko, nordic walking egiten dugu…».

Legazpiko kontaktua

Ana Martini esker iritsi da Katxalin Legazpira. Minbiziarekin lotutako historia da berea; senarra hil zitzaion lehenik gaixotasun horrekin, eta berak ere izan zuen. «Nik bakarrik igaro nuen prozesua… eta Katxalinen berri izan nuenean, besteei laguntzeko nik neuk zerbait egin behar nuela sentitu nuen». Legazpin talde bat osatzea nahi du, egoera horretan daudenei babesa emango dion taldea, «bakarrik baino, hobe da norbaitekin igarotzea minbiziaren prozesua».

Tailerrak, ikastaroak, hitzaldiak, ariketa fisikoa taldean egiteko hitzorduak… hori guztia martxan jarri nahi du Martinek herrian Katxalinen babesean. Bide horretan lagundu nahi dionak, edo Katxalinen elkartearen laguntza jaso nahi duenak, 656 733 659 zenbakira deitu besterik ez du egin behar.