Elkarteko 50 kide joango dira Vatikanora
ekainaren 22an. Tartean, Bergarako lau ordezkari. "Oso pozik gaude
aukera hau izateagatik. Jose Ignazio Munilla gotzainari eskerrak eman
beharrean gaude. Haren laguntza barik ezinezkoa izango zen", dio
Bergarako ordezkaritzako arduradun Maite Vallek.
Donostiako Udalak 2016ko urtarrilaren 7an banatu zituen Hiritar
Merezimenduaren Dominak. Bost, guztira. Horietako bat, Katxalin
Elkarteari, "erakundeekin eta ikerketa institutuekin batera emakumeei
eskaintzen dien babesa" aitortuz.
Domina Munilla gotzainak bedeinkatu zuen, eta han sortu zen
Vatikanora joateko ideia. "Gure artean berba egiten sortu zen aita
santuarengana joateko ideia. Munillak esan zigun bere esku zegoen guztia
egingo zuela audientzia hori lortzeko", esan du Vallek.
Audientzia beste pertsona eta erakunde batzuekin partekatuko dute,
baina gustura daude, eta dagoeneko hasi dira eramango dituzten opariekin
lanean. Bi kaliza eramango dituzte: egurrezkoa bata eta zeramikazkoa
bestea. "Egurrezkoa Vatikanoan utziko dugu. Han dagoen eta ama
Bergarakoa duen apaiz bati emango diogu. Zeramikazkoa, bedeinkatu
ostean, Bergarara ekarriko dugu hemengo elizaren baten erabiltzeko. Biak
ala biak herriko artistek egindakoak izango dira", esan du Vallek.
Oihalezko panpinak
Katxalin Elkarteak Hiritar Merezimenduaren Domina jaso ahal izateko
sinadura bilketa kanpaina egin zuten. Orriak ipini zituzten Bergarako
eta Debagoieneko hainbat herritan. "Guk laguntza ematen dugu. Halako
gaixotasuna bakarrik, laguntza barik pasatzea oso zaila da. Katxalinen
bidea ondoen, erosoen nola egin daitekeen erakusten dugu. Astean behin
elkartzen gara" kontatu du Vallek.
Askotariko tailerrak egiten dituzte. Egun, oihalezko panpinak eta
bihotzak egiten dihardute. Panpinak minbizia duten umeendako dira.
Gurutzeta, Txagorritxu eta Donostia ospitaleetan eta Onkologikoan
banatzen dituzte.
No hay comentarios:
Publicar un comentario